Boer Gerrak

Boerren Gerrak» orritik birbideratua)

Boer Gerrak Britainiar Inperioak eta herbeheretar jatorriko kolonoek (garai hartan, boer zeritzen; gero, XX. mendean, afrikaner izenaz ezagunak) Hegoafrikan elkarren aurka egindako bi gatazka izan ziren. Lehengoa, 1880tik 1881era bitartekoa; eta bigarrena, 1899ko urriaren 11tik 1902ko maiatzaren 31 artekoa. Bigarrena bukatzean, boerrek fundatutako bi errepublikek independentzia galdu zuten, Britainiar Inperioak bereganatuta.

Boer Gerrak
Irudia
Map
Motagerra
Data1899ko urriaren 11
KokalekuHegoafrika
Parte-hartzaileak
Osatuta

Aurrekariak

aldatu

Ingelesen etorrera masiboren presiopean, boerrek barnealdera jo zuten 1837 eta 1854 bitartean, "Trek Handia" izeneko martxetan. Bere errepublikak osatu zituzten, Erresuma Batuko aginpetik kanpo: Natal (1843an Erresuma Batuak bereganatua), Transvaal (1852an Erresuma Batuak onartua) eta Orangeko Estatu Askea (1854an onartua).

Egonkortasunak harik eta Transvaalen diamanten meatokiak aurkitu ziren arte iraun zuen. Aldi berean, britaniar populazioak (uitlanders izena jaso zuenak) ere barnealdera jo zuen. Boerrek (boer hitzak baserritarra esan nahi du) etorri berri hauei eskubide politikorik aitortu ezean, bi komunitateen arteko liskarrak sortu ziren.

Lehenengo Boer Gerra

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lehenengo Boer Gerra»

Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batuak 1877an Transvaal konkistatu zuen. Luze zirauen boerren suminak lehertu zuen lurralde horretan 1880an. Afrikanerrek Askapen Gerra deitu zioten matxinada horri, nahiz eta egun, eskuarki, Lehenengo Boer Gerra izena hartu duen.

Gatazka hasi bezain azkar amaitu zen Majuba muinoko borrokan (1881eko otsailaren 27an) boerrek lortutako garaipen erabakigarriari esker. Errepublikak independentzia berreskuratu zuen Zuid-Afrikaansche Republiek izenpean. Paul Kruger, matxinadako buruetako bat, presidente bihurtu zen 1883an.

Bitartean, Majubako porrotak umiliatuta, britaniarrek Hegoafrikako koloniak federatzen bilatu zuten, eskualdeko gehiengo afrikanerren aurrean euren interes estrategikoak babestu nahian.

Gerren artekoa

aldatu

Britaniarrek 1879an Zululandia menperatu zuten. Orduan, 1886an, urrea aurkitu zuten boerren lurraldean. Johannesburgen populazioa 100 000 biztanlera iritsi zen 1890eko hamarkadaren erdirako. Boerren errepublikak milaka atzerritar (uitlanders), bai txuri eta beltz, aurkitu zituen bere baitan. Boer andana, gainera, kinka ekonomiko larrian zegoen, eta soldata irabazleek (batik bat beltzek) sumintzen zituzten.

Uitlanders horiek ez zeukaten eskubide politikorik, eta, horien aldarrikapenean, matxinadak suertatu ziren. Erresuma Batuari laguntza eskatu ohi zitzaion. Meategien bailio itzelak inperialista britaniarrak erakarri zituen ezinbestez. 1895ean, Leander Starr Jameson buru zuen talde bat boerren lurraldera sartu zen matxinada bat sortzeko eta britaniarren agintea eramateko. Boerren agintariek bortizki amaiarazita Jameson Raid izeneko matxinada horrek porrot egin bazuen ere, Lurmutur Hiriko gobernuaren babesa zeukan susmoa hartu zuen Paul Krugerrek.

Orduan, egoera ezegonkor horretaz baliatuta, Alemaniako kaiserrak Krueger zoriondu zuen, eta Transvaalen status quo-a mantentzearen alde jo zuen. Britaniarrek mehatxutzat hartu zuten hori, egungo Namibia alemaniarren menpe baitzegoen. Gainera, Alemaniako Weltpolitik -munduko politika- gero eta erasokorragoa zen. Munduan Alemaniaren pisua handitu nahi zuten, beste arlo askotan munduko potentzia zelakoan. Horretarako, lege Tirpitz (1897-1914 Itsasarmadaren ministroa) izenekoak martxan jarri zituzten. Horien bidez, itsasarmada izugarri armatu nahi izan zuten, Erresuma Batukoaren mailara kokatu arte. Honek Erresuma Batua Frantziaren aldeko aliantzara eraman zuen, Lehen Mundu Gerran leher egin zuen aliantza-sarerako aurrerapausoa eramanez.

Bigarren Boer Gerra

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Boer Gerra»
 
Gizon eta emakume boerrak kontzentrazio-esparru batean.

Azkenean, 1899an gerra irekia piztu zen, Erresuma Batuak boerren errepubliketako 60.000 atzerritar zurientzat bozkatzeko eskubidea eskatu zuenean. Paul Krugerrek uko egiteaz gain, Errepublikako mugetatik armada erretiratzea eskatu zien.

Britainiarren prestakuntza hobea zen Bigarren Boer Gerra honetan. 1900rako, Pretoria, boerren azken hiri nagusia britaniarren esku zegoen. Oso igarpen baikorrak iragarri baziren ere, 1902 arte iraun zuen, zeren, boerren armada, baserritarrek osatu arren, oso ongi antolatuta zegoen, eta lurraldea ongi baino hobeki ezagutzen zuten.

Boerren gerrilla gisako borrokaren aurrean, Britaniarren armada profesionalak bortizki jokatu zuen, konkistatuko lur guztia suntsituz. 1902rako, 26.000 boer hil ziren gaitzak zirela eta, edota kontzentrazio-esparruetan atxilotuta. Guztira 200.000 lagun baino gehiago sartu zituzten kontzentrazio-esparru horietan.

Nolabaiteko bakea Vereeniging hitzarmenarekin iritsi zen. Honen hitzetan, boerren errepublikek britaniar subiranotasuna onartzen zuten, eta, britaniarrek, bitartean, bere menpeko lurraldea berreraikitzeko konpromisoa hartu zuten. Horretarako 3 miloi libra esterlinako diru-laguntza bideratu zuten. Gainera, Orangeri eta Transvaali autonomia ematekoak ziren britainiarrak.

1910ean, Hegoafrikar Batasuna sortu zen. Erresuma Batuak gobernadorea izendatzen zuen, beti ere bi probintzien autonomia errespetatuta. Amankomuneko parlamentua abian jarri zen, zurien arteko lege-berdintasunpean. Afrikaans hizkuntza onartu zen. Parlamentua Pretorian -boerren lurraldean- kokatu zuten, eta gobernadorearen egoitza Lurmutur Hirian -britaniarrenean-.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu